Kortak eta Pedro Bernardo Villarreal de Berriz

By Alfonso Donnay - viernes, abril 02, 2021


Mondragoetarren artean galdeketa txiki bat (1) egingo bagenu “korta” berbaren esangura dela eta, ia denek esango ligukete modu horretan deitzen zaiola baserri-etxean animaliak gordetzeko lekuari (2). Hala hedatu baita azkeneko urteetan, nahiz eta oraindik giro batzuetan gordetzen den oso hitz ederra horretarako: “ittua”. 

Eta pausu bat gehiago emanez gero, itaunduko bagenie zer esan nahi duten gure artean oso ohikoak diren “Kortabarria” edo “Kortazar” moduko abizenek, antzerako erantzunak jasoko genituzke. Hori bai! Norbaitek zalantza izpiren bat agertuko luke, ezagutzen dituelako Bergaran edo Zubillagan baserriren batzuk Kortabarri edo Kortazar izenaz. Edo basoren bat “korta” hitza duena bere konposizioan, Kortaburu, esate baterako. 

Azken hauetan jarri behar dugu gure arreta eta, argitze aldera, mondragoetar handi batek idatzitakoa hartuko dugu gogoan, Pedro Bernardo Villarreal de Berrizek, alegia. 

Nor zen Pedro Bernardo Villarreal de Berriz? 

1669an jaioa, Uribarrin, Mari Saez de Andikano eta Pedro de Villarreal Ganboa eta Berrizen semea zen, biak bigarren aldiz esposatuak. Ama Mateo de Arangurenen alarguna zen, egun Monterron izenaz ezagutzen dugun jauregia eraiki zuena. Aita, ostera, Teresa de Lezama bilbotarraren alarguna. Fruizen jaioa bazen ere, Berrizen bizi zen eta ondasun askoren jabea, bereziki, burdinolena. Gurasoak aberatsak ziren eta oso harreman sare handia osatu zuten garaiko elite politiko eta ekonomikoaren artean. Dirudienez, amak Mondragoen eduki nahi zuen familiako etxea eta aitari jarri zion baldintza ezkontza kontratuan (1666ko urtarrilaren 13an) izan zen bertan, eten barik bizi izatea.


1 Egindako ariketa da. Erantzun hauek ez dute balio absoluturik, baina baliagarriak izan daitezke egoerari hurbilpen bat egiteko.

2 Badakigu behitegi, arditegi, zalditegi edo txerrikorta modukoak ere ohikoak direla.

http://lekeitiondare.eus/732_pedro_bernardo_villareal_de_berriz.html


Gazterik finkatu zen Lekeition, Mariana Rosa de Bengolearekin ezkondu zenean, 1694an. Uriarte jauregia izan zuten bizileku, hil zen arte, 1740an. Pedro Bernardo oso gizon kultua, zientzia zalea eta jakin-min handikoa izan zen. Euskal Herriko aurre-ilustratutzat hartzen da, berak bizi baldintzak hobetzeko egindako ahaleginagatik, zientziaren bidea aintzat hartuta. Burdingintzaren modernizazioan inkernu berezia jarri zuen, hori baitzen familiaren aberastasunaren oinarri nagusienetarikoa. Eta horren lekuko bere liburua dugu, Madrilen argitaratua 1736an, Maquinas Hidraulicas de Molinos, y Herrerias y Govierno de Arboles y Montes de Vizcaya, Harresi Aretoan ikus daitekeena.



Unzuetagaina (Cuatrovientos) baserrian antzeman daiteke korta baten erdia, Aramaio eta Gesalibarren artean. Izan ere, kortak herrien arteko mugak baino zaharragoak dira (2021-02-27an hartutako irudia) 


Liburu horretan daukagu “korta”(3) berbaren definizioa, sarritan aurkituko duguna gazteleraz idatzitako dokumentazioan “sel” edo “coto redondo” moduan. Berak diosku parekoak zirela gure kortak eta gaztelerako “cortijo”, Bizkaian asko zeudela, mendian egoten zirela eta zirkulu perfektua osatzen zutela. Erdian mugarri bakarra izan ei zuten eta batzuk negukoak ziren moduan, kortaosoak; beste batzuk udakoak izaten ziren, kortaerdiak. Mugarriari ematen zioten izena (h)auts-(h)arria zen. Hori hala zen, duda barik, bertan arbasoek, ganaduekin ari zirenean, sua egiten zutelako. Eta lege, edo ohitura, bilakatu zen inor ez hurbiltzea, distantzia bat tarteko. Neguko korten neurria edo erradioa zen 126 besaldikoa; udakoena, ostera, 84koa (4). Lehenago zehaztu zuen besaldiaren neurria 7 oin arrunt zela eta oina, Gaztelako kanaren herena. 


3 Beste euskalki batzuetan gorta edo saroi hitzak erabiltzen dira. Nik susmoa dut gure artean soro/solo duten etxe askoren zuztarretan ere korta bat ote dagoen; edo –ola bukaeran duten toponimoetan ere antzerakorik suertatzen ote den.

4 Honela dio: “Es un Monte en círculo perfecto, que sólo tiene un mojón en el centro, à que llaman Piedra Cenizal: ay muchos en Vizcaya, unos son invernizos, y otros veraniegos: en la lengua Vascongada se llama invernizo Cortaosoa, y el veraniego Cortaerdia. Corta es lo mismo que en lengua Castellana cortijo: à la Piedra Cenizal se llama en Vascuence Auts-arria, y en una, y otra lengua parece que significa Piedra de la Ceniza, sin duda porque nuestros primeros Padres hacían fuego en ella quando pacían sus Ganados, y sería ley, o costumbre, que en cierta distancia no se arrimase otro. El Sel invernizo tiene de semidiámetro, esto es, desde la Piedra Cenizal hasta qualquier parte de la circunferencia 126 estados, o brazas, y el veraniego 84”. 



49 eta 50 zenbakiekin, Gatzagako eta Eskoriatzako korta bana, 1800ean. Plano topográfico de los términos propios de Arechavaleta y Escoriaza (Guipúzcoa), 1800, Archivo de la Real Chancillería de Valladolid, PLANOS Y DIBUJOS,DESGLOSADOS,535.



Otxandio aldeko zenbait korta (2021-02-27an hartutako irudia)


Larrinoko elizpeko horma gainean dagoen hauts-harria. Beste harlandu batzuen artean nabarmena da dituen gurutzeengatik. Segurutik berrerabilitakoa izango da. Argazkia: I. Azkoaga 


Aramaioko Untzilla auzoko bide kontra batean dagoen korta baten bazter-mugarria, hauts-harria baino sinpleagoa izaten zena. Argazkia: I. Azkoaga


Oraindik korta hauetariko asko bizirik daude, mendeetan zehar, jabetzetan izandako aldaketak tarteko, iraun egin dutelako. Gaur egun teknologiak eskaintzen dituen aukerak baliatuz, ariketa interesgarria da Euskal Herriko paisaietan antzeman daitezkeen kortak ikustea. Batzuk biribil-biribilak dira, beste batzuk biribil antzekoak, erdibitutakoak, zatitutakoak. 

Eta badira baserria dutenak bertan, jabetza hori aprobetxatuz etxea eraiki zutelako. Are gehiago, horietatik eratorri dira Euskal Herriko abizen asko, etxearen izena baitan dutenak. Esaterako, gure herriko Arangurendarren jatorria Musakolako Aranguren baserrian dago, gaur egun igartzen ez bada ere han kortarik egon zenik. Hala zioten 1665ean, Mateo Nicolas de Aranguren Andicano, Pedro Bernardoren haurriderdia, Santiagoren Zaldun izendatzeko espedientea osatzeko egindako datu bilketa batean, “con su término redondo como casa solariega que es”, hots, etxe horrek korta biribil batean zuela jatorria, eta hangoek eta beren ondorengoek etxearen izena zutela deituratzat. 

Batzuk eta besteak, denak dira sasoi bateko testigantza apartak, kortak mendikoak zirenekoak eta Euskal Herriko paisaia biribilez beterikoa zenekoa.



Ana Isabel Ugalde Gorostiza (EHU/UPV, AZE)


Bibliografia: 

Ruiz de Azúa, Estíbaliz: Pedro Bernardo Villarreal de Berriz (1669-1740), Editorial Castalia, S.A., 1990, bereziki, 36. orrialdeko 31. oharra.

Archivo Histórico Nacional, Consejo de Órdenes, OM-CABALLEROS_SANTIAGO, Exp. 523, 3v-4r.

Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoa, Antonio de Zelaa, 1/2404, 11r.

Lekeitioko kultur eta natur ondareak.Pedro Bernardo Villareal de Berriz.




  • Share:

You Might Also Like

0 comentarios