Udala auzoko Palazio etxea

By Alfonso Donnay - martes, enero 19, 2021

Bada Udala auzoan etxe berezi bat, Palazio izenekoa, handia, trinkoa, lau hegaletako teilatuduna. Ez du baserri taxurik, jauregi itxura baizik. Martin de Barrutia kapitainaren aginduz eraikitakoa da. 

Martin de Barrutia zen Anton Barrutia de Etxagibel eta Maria Garcia de Sagastaren seme zaharrena, Udalan jaioa 1614an. 1665ean zioenaren arabera, 1634 aldera Perura joan zen eta han 13 urte egin zituen. 1635ean parte hartu zuen Limako Arantzazuko Ama Birjinaren Ermandadearen sorreran, hiri hartako merkatari euskaldun boteretsuekin batera. Aberastuta itzuli zen sorterrira, nahikoa dirurekin, bueltan ere negozioetan jarduteko. 1648an Gasteizko Santa Maria parrokian Ana Maria Salinas Undarekin ezkondu zen eta familia handia sortu zuten. Heriotza heldu zitzaion 1678an.

Ameriketatik itzuli berritan, 1647ko abenduaren 19an, Sebastian de Vizcaya Mendibil eskribauaren aurrean bildu ziren Martin de Barrutia bera eta hargin bi, Martin de Berraondo elgetarra eta Juan Perez de Garaizabal Arratabe aramaioarra. Helburua: harriaz eraikitzen ari ziren etxe berriaren ezaugarriak adostea. 

Aipatu dokumentuak baldintza argiak ezarri zizkien harginei. Izan ere, etxe zaharra zutik zegoen eta berria jasotzerakoan, hura kontuan izan behar zuten hormak egokitzerakoan, baita bere horretan utzi ugazabaren gustuko leiho eta ateak. Bao berriak zabaltzea ere aurreikusi zuten. 

Fatxadaren ardura bistakoa da kontratuan, bera izaten delako etxearen aurpegia. Hala, neurriak izango ziren 10 x 5 “estado” edo, gaurkotuta, 19,5 x 9,75 m inguru. Hori bai!, ate nagusia fatxadaren erdian kokatu behar zen, beheko bi gelei zegokien leiho luzangen artean. Goiko pisuan, berriz, 4 ate-leiho irekiko zituzten. 

Ezkarazpean eta goian, harlanduzko bina ate egin behar zituzten, pikotxaz leundutakoak. Eta atzealdean beste ate bat gura izanez gero, modu berean egin behar zuten, pikotxaz, eskailera, mailak letxe. 

Agindu bera zegoen beste hiru fatxadetako leiho ertzak burutzeko ere. Hauek nahi beste egin zitezkeen, ugazabaren esku utzi baitziren. 

____________________________________________________


1 Sancho el Sabio Fundazioa, FSS_B_BARRUTIA,C.5,N.1.

2 A.H.N., Consejo de Órdenes, Exp. 523, 65 r-v.

3 http://arantzazu1615.blogspot.com.es/ 2020-12-26.

4 E. LUQUE ALCAIDE (1998), 98.

5 ES/AHDV-GEAH, Casados. Velados, 1590-1648, 149 r.-149 v. 

6 J. C. Guerrak dio 14 seme-alabaren aita-amak izan zirela, baina guk 13 baino ez ditugu aurkitu Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoan, denak San Juan parrokian bataiatuak, 9.a izan ezik, Uribarrin hartu baitzuen bataioaren grazia. Euren loba izan zen Pedro Ignazio de Barrutia eskribaua eta Gabonetako Ikuskizunaren egilea. 

7 Sancho el Sabio Fundazioa, FSS_B_BARRUTIA,C.2,N.23.

8 GPAH, 1-2390, 153r-156v.

9 “Puerta ventana” aipatzen da dokumentuan.




Harlan-gaitzezko hormak egingo bazituzten ere, harlandu azal leuna baliatuko zuten ate eta leihoen ertzak dotoretzeko eta pisuen arteko moldura edo “faxa” lantzeko. Lau etxe-kantalak egiteko, ostera, harlan-gaitza erabiliko zuten, pikotx zorrotzeko akabera emanda. Harriaren jatorriaz ere jardun zuten. Aitatu zuten etxea eraiki behar zen larreko harritzarren bat, edo Elorriokoa edo harginek erabakiko zuten lekukoa. Harri kontu guztiak harginen ardurapekoak ziren eta ura, ostera, obraraino ekarriko zieten. 

Abuztuaren 5ean, lau hilabete t’erdi lehenago, beste kontratu bat sinatua zuten, harriaren inguruko espezifikazio guztiekin, datak eta hargin ofizialen lanaz ziharduena. Eta materiala eskuratzeko Aitaburuko harrobia zehaztu zuten, dirudienez, Arteta baserri inguruan zegoena. Ordura arte egindako lana ere kobratu zuten, 80 dukat, 40na dukat bakoitzak. 

1647ko abenduko kontratuak dioena konparatuko bagenu Berraondo eta Garaizabalek egin zuten fatxadarekin, argi eta garbi esango genuke bikain bete zutela euren lana, agindutako dena baitu. Palaziok XVII mendeko gure inguruko arkitektura lanen ezaugarri guztiak ditu, proportzionaltasuna altuera-zabaleran, soiltasuna, leiho handiak, ertzetako platabandak, eta dobeladun dintela ateburuan. 



Sinatu zuten hitzarmenean ez zuten aitatu, ordea, armarria, ezta ate gaineko inskripzioa ere. Lehena, segurutik, eskultore batek egina. Oso egokiak biak, bestalde, etxeari “oinetxe” tankera emateko. Izan ere, indianoen helburuetariko bat, aberastuta zetozenean, jaiotetxea goratzea izaten zen. Berriztatu edo handitzeaz gain, zer aproposagorik armarria baino! Horretarako, etxearen ardatza hartu zuten. Gorengo, Barrutia Etxagibelekoren armak, herriko eta beste inguruetako Barrutiatarrengandik bereizteko. Eta azpian, ateburuan idatzita: “BARRUTIA DE ECHAGVIBEL SOLI DEO (H)ONOR E(T) GLORIA” (Barrutia Etxagibeleko, Jainkoari soilik ohorea eta gloria).


Ana Isabel Ugalde Gorostiza (UPV/EHU, AZE)


  • Share:

You Might Also Like

0 comentarios